2018(e)ko uztailaren 23(a), astelehena

PKHAKHEZÇX ÜUS DXI'JAN, KWE'SX YUWE'S KÇXHÄÇXHA'N PIIYN U'JXA'

Nasa Yuwearen biziberritze ikastaroa Toribion
Kultura, espiritualtasuna, materialgintza eta lagunak.


Ekainaren amaieran, CECIDIC Nasa herriaren Hezkuntza Erakundeak eta Garabide Elkarteak antolatu eta UPV/EHUko munduko hizkuntza ondarearen UNESCO Katedraren eta EASO Politeknikoaren babespean,  Toribion Nasa Yuwe hizkuntzaren biziberritzeko ikastaroan parte hartu genuen.


Zer da kultura? zein ekarpen egiten (egin behar) dio kulturak hizkuntza biziberritzeari?
Ikastaroan hausnarketa potolo honi aurre egin genion. Gaia elikatzeko, etxeko adibide bat azaltzen zuen bideoa prestatu genuen.



Bideoa: El arte como revitalización cultural y espiritual
 (un ejemplo en el País Vasco)



Saddy eta Aldemar hizkuntza dinamizatzaileekin batera Ekoizpen Kulturala eta Idazketa Tailerra moduloak koordinatu genituen.  Gainera Carlos, Dionisio, Andoni, Julen eta gainontzeko hizkuntza dinamizatzaileen laguntza ere behar izan genuen. Guztiz beharrezkoa, parte hartzaile kopurua 60-70 pertsonakoa izanik eta eskola orduetan aktibitate eta lantalde desberdinetan lan egin baikenuen.



Zein dira Nasa Herriak behar dituen testuak?
Galdera hori oinarri hartuta, ekoizpen kulturala eta idazketa tailerra, materialgintzara bideratu genituen. Hausnarketa saioak izan ziren, baina denbora handiena materialak eta testuak sortzen eman genuen. Kantuetarako letrak, Idazketa lehiaketa antolatzea, sendabelarren liburuska, posterrak, bideo motzak sortzea...


Çxhäçxha Çxhäçxha!!!! - Kemena eta Kitto!!


Miryan Elena Cruz fez um mapa do roçado dela

Acren (Brasil), Comissao Pro Indio do Acre erakunde indigenistaren lanak oinarri hartuta, zenbait material didaktikoren zirriborroak egiten hasi ginen. Adibidez: Nasa Geografia.


Irene, Pablo, Martha, Elcy e Ana,
Grupo encarregado da cartilha de Geografía Nasa



Udako solztizioa. Sekh bui festa
Ekainaren 20 eta 21 artean, Soto izeneko auzoan,  eguzki urte berriari harrera egiteko zortea izan genuen. Afaria, errekan armonizazioa, bainua, sutondoan eskaintza, lehen eguzki printzari ongietorri dantza, txitxa eta yubeka edariak, e.a. Arnas luzeko errituala. 





 Mauricio, Lorena, Isabel eta Carlos



Çxhab Wala Kiwe - Herri handiaren lurraldea

Paramoak (Goi-mendiko lautadak), Nasa herriaren espiritualtasunaren eta natura altxorren gordailuak bisitatu genituen. Ibilbide ederra, La Muela (4.014 m) mendiaren inguruan, 3.500 metrotako garaieraraino iritsi ginen.







Julen, Dunxu eta Saray











Saddy eta Aldemar










Talde bikaina, lan ederra

Pay, Pay, Wala Wetçxhat!!

















2018(e)ko apirilaren 9(a), astelehena

Ihoteak egin dute bere lana/arindu dugu barneko zama


Nondik datoz Intxixuak?

 Kataxulotik? Xiberutik?

Zomorrozinko, Otegizona eta

SORGINAK





Euripean kuestazioan

Baltsa, Arin-Arin eta Fandango

Jo Pitxu Dultzaina Jo

Nodik datoz Intxixuak?

Ohielekutik Xorrolan?

Salda Badago 
 
AUZOKO SUKALDEAN








Kontsejupean festa

Auzoak nahastuta

Salto eta Brinko

humorea astindu, herria esnatu

Bada garaia

BIZI-LAGUNAK

2018(e)ko urtarrilaren 4(a), osteguna

LANDAREEN KULTURA: ERRAMUA eta TEILATU FESTAK


erramurik gabia duk itxi au
Oiartzunen jasotako pasarte honekin aipatu zuen Barandiaran handiak ERRAMUA ohituraren zati bat (Mitologia Vasca, 1983).
Erramurik gabia duk itxi au, esaten omen zen etxeren bati desgraziren bat gertatu ezkero. Erramu baten adarra etxearen eraikuntzaren ondoren teilatuan jarri beharra omen zegoen.

Teilatuan zuhaitz baten adarra jartzeko ohitura, aspaldikoa izanagatik, bizi-berritua ikusten dugu egungo eraikuntza askotan. XXI. mendearen hasieran festak badu irauteko pisuzko arrazoirik. Egun erramua teilatuan jartzean, langileek abisua pasatzen diete jabe eta nagusiei, teilatua emana dago, afaria zor diguzue. Pentsa dezakegu tripa kontuek salbatu dutela teilatu festen tradizioa. Argazkian ikusi dezakegunez gure hiriguneetan egiten diren etxe berriek ere ez diote ohiturari izkin egiten.


Erramua Oiartzunen. 2011ko urtarrila.

izenak eta izanak
Bazkari edo afariari Oiartzunen Erramua deitzen zaio, ziurraski erramu zuhaitzaren adarra jartzen delako teilatuan; beharrezkoa da zuhaitz honen izenaren inguruan aipamena egitea.
Erramuari Laurus nobilis deitzen zaioa hizkuntza zientifikoan. Euskaraz badu beste izen bat EREINOTZA. Bizkaia aldean oraindik erabiltzen da, eta gurean toponimian oso gertukoa izanagatik (Ereñotzu), kaleko hizkuntzan ez da ia ezagutzen.
Badirudi Erramua izen berriagoak Ereinotza baztertu duela eta hau elizako erramu-igande (domingo de ramos) ospakizunaren ondorioa dela.
Elizan erramu-igandean bedeinkatzen den erramilete, lore-sorta, edo buketaren osagai nagusia Ereinotz adarrak dira. ERRAMUA gaztelaniazko RAMO izenaren itzulpena litzateke, eta hor nonbait Ereinotzari izena aldatzearena.
Teilatu festetara itzuliz, usadioaren garrantzia eta hedapenaren neurria emanten digu ohitura honen parekoak diren zenbat kasu aipatzen diren Euskal Herriko toki desberdinetan eta zenbat izen desberdinekin deitzen zaion erramua ohiturari. Azkuek (Euskaleŕiaren Yakintza I, 1935), jaso zituen hauetako batzuk: bizkar-besta (Araba eta Nafarroa), buketabesta (Nafarroa beherea), mondxor eta bonxoŕada (Bizkaia), trapala (Gipuzkoa).

oinarri espiritual erlijiosoak
Halere afari-bazkari kontuez gain, ohituraren sustrai erlijiosoak urbil somatzen dira. Euskaldunok denboran zehar zenbait landare erabili izan dugu etxeak eta baratzak babesteko. Eguzki lorea, elorri txuria, lizarra eta erramua dira horietako landare magiko batzuk.
Horrez gain, garai bateko ETXEAk, gaur galdurik dituen balio erlijiosoak zituen. Etxea lo egiteko tokia baina askoz gehiago zen. Besteak beste, bertan lurperatzen ziren familian hildako pertsonak eta horren erakusle da orain gutxiarte bataiatu gabeko aurrak etxearen babespean, baratzean edo teilatuaren hertzaren azpian lurpertzeko egon den ohitura (Barandiaran, 1983).
Etxea tenplu sakratutzat hartu genezake eta horrela izanik erritual kultural-espiritualen jatorri eta kokaleku. Eta beraz, etxea egitea, eraikin fisiko bat altxatzea baino hartarago zioan. Eraikuntzan kontutan izan beharko ziren etxe horrek bete beharko zituen tenplu funtzioak eta horretarako izango ziren bedeinkazio eta erritualak. Hortxe kokatuko genuke Erramuaren ohitura.

etxetik-auzora eta auzotik-festara
Erramuaren bigarren zatia, gaur egun nabarmenena dena, bazkari-afariaren jatorria bilatzeko ere euskal herriko baserri munduan eta ekonomian kokatuko gara. Bizimodu horren sustraiak kristautasunaren aurreko euskaldetan (gentilak) bilatuko ditugu. Garai haietan etxe baten eraikuntzan indarrak batu beharko ziren, norberarenak eta familiakoak, komunitatekoak eta ingurukoak, hau da, auzokoak.
AUZOLANA, aski ezaguna dugun bigarren ohiturarekin topo egiten dugu.
Euskal Herrian barna egiten dira oraindik auzolanak, batipat baserri giroan: gari bilketan, arto-jorraketan, bide-garbiketan edo egur bilketan ezagunak da ere obra handiagotan ere da auzolana erabili izan zela (Berako eta Ereñotzuko elizak eraikitzeko adibidez). Historian zehar etxeak egiteko auzolana izango zen modu eraginkorrenetakoa, gurean auzolanak nola bukatzen diren ezagututa, pentsatzekoa da auzolanean egindako etxe baten eraikuntza nola bukatuko zen: festa-bazkari batekin.



kasualitateak eta seinaleak: ez gara bakarrak - ez gaude bakarrik
Teilatu festei buruzko aurreneko pista ez genuen ez Oiartzunen ez eta Euskal Herrian ere jaso. 1998ko abuztua zen, Aitor ta biok Andeetako mendizerran erdi-galduta genbiltzala, Marcapata eskualdean hartu genuen hostatu. Eta bertan Teilatu festa batekin egin genuen topo.
Bailara guztiak parte-hartzen du elizaren teilatuaren berritze lanetan. Astoz tiratako gurdietan lasto fardoak dakartzate aldea txikietako familiek, herrian musika da nagusi eta txitxa edaria. Herritarrak denak zereginean: batzuk janaria prestatzen, besteak txaranga jotzen eta gizon gazte taldetxoak, turnotan antolatuta, elizako teilatu hauskorraren lasto zaharkitua kendu eta mendiko zelaietan bildutako fardoak jartzen. 


Teilatu festa Andeetan. 1998. urtea.
loturak eta hariak: segi tiraka
Erramua eta teilatu festak gure landareek bere baitan duten ondare kulturalaren adibidea ditugu, aintzinako bi ohituren ondarrak: alde batetik etxea-tenplua babesteko landare sakratu bat erabiliaz egiten den erritual erlijiosoa eta bestetik auzolanaren ondoren komunitatea sendotu eta batzeko egiten den festa-bazkaria.
Auzolan ohitura, erramuaren ohiturarekin batera euskal identitate kulturalaren sustraietan kokatuko litzateke.

Biodibertsitatean, edo nahi bada naturaren kontserbazioaren eremuan, KULTURA oinarrizko elementua dela defendatzen duen iritzia indarratzen ari da. Munduko komunitate indigenek naturarekin harreman hestua duten kulturak dituzte eta jasangarritasunaren adibideak ematen dizkigute. Bestaldean XXI.mendeko mundu post-kapitalista dugu, jasangarritasunaren anti-eredua. Gure gizartea jasangarritasunaren bidera urbiltzeko aldaketa sakonak behar dira, kultura aldaketak. Horren aurrean ez ditzagun gure aspaldiko kontuak historio harrigarri modura bakarrik ulertu, XXI. mendean eta europaren erdian, nolabait euskaldunen jatorri indigena plazaratzen digute, naturarekin bategiteko moduak, kultura...

...Alzateko Jaun, hor zaude nunbait...



Oharra: Idatzi hau Oiartzun 2011, urtekarian argitaratu zen.


2017(e)ko azaroaren 5(a), igandea

INDIGENEKIN MENDIAN; Mairubaratzetatik lurrarekiko lotura aztertzen


Nasa, Nahuat, Maya-Yucateko, Katchiquel, Kitxua, Guarani, Maputxe eta Amazigh herri indigenen 12 ordezkariekin, “mendi buelta” egin genuen duela aste pare bat, Arritxulotik abiatu eta Errengan barrena (Oiartzun-Lesaka).
2013 eta 2016 urteetan antzeko koadrilekin egindakoaren haria luzatuz, gure lurraldea kosmobisio indigenaren intuiziotik eta norberaren barne sentsazioetatik abiatuta aurkeztu genuen.


Taldea Arritxulora itzultzen (Argazkia: Txema Abarrategi eta Diego Yatakwe)

Pribilegioa da horrelako ekimenak burutzeko aukera izatea, Euskal Herriaren lurraldea, indigenekin eta lagunartean partekatzea, gure toki sakratuen inguruan bildu eta hausnar egitea.

Garabide elkarteak burutzen dituen hizkuntza biziberritze ikastaroen testuinguruan antolatzen ditugu ekimen hauek eta oso giro berezia sortzen da bertan. Ikastaroaren eguneroko jardun akademiko mamitsuan eta agenda sozial intentsiboan parentesi bat irekitzen da Aiako Harriaren gerizpean eta Amalurrarekiko konexioa lantzen dugu. Nola?

2016.urteko taldea Oielekun
Euskaldunok berezkoa dugun mendirako joeratik abiatu, ibilian arnasa hartu, toki berezietan (sakratuetan) gelditu eta denbora pasatzen utzi, eta horrela eguneroko ziztuak kentzen digun “tenplea” berreskuratzen saiatzen gara.

Orduan bistaratzen dira gure gizarte modernoaren gabeziak, nabartzen dira lagun indigenek naturarekiko dituzten jarrera harmonikoak, hortik elikatzen dugu gure errealitateari beste alde batetik begiratzeko tentazioa.

Zein ote zen gure arbasoek mairubaratzak eraikitzeko zuten motibazioa?, zein ote zen Amalurrarekin zuten harremana? harreman haren printzarik trasmititu al da egungo belaunaldietara? zer egin hari mutur horiekin?

2013.urteko taldea Oielekun, "Mayor" Antonen azalpenak jasotzen




2015(e)ko urriaren 27(a), asteartea

NASA HERRIAREKIN DUGUN LANKIDETZARI BURUZKO SOLASALDIA


Ane Ortega laguna eta biok, EITB-ko Roge Blascoren La Casa de la Palabra saioan, Nasa Herriari, Nasa Yuweari eta gure lankidetza esperientziari buruz solasean.



2015(e)ko irailaren 24(a), osteguna

NASA YUWE KÇXHÂÇXHANXI KWE'SX FXI'ZNXI DXI'JA espiritualtasuna hizkuntza-biziberritzearen oinarrian

Euskal Herriko Unibertsitateko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedra eta Garabide Elkarteak, 2011tik Kolonbiako Nasa herriarekin garatzen duen Hizkuntzaren inguruko lankidetza prozesuaren baitan, abuztuaren lehen hamabostaldian, Toribio Eskualdean izan gara Belen Uranga laguna eta biok. Bisita hau azken urtetan Euskal Herria eta Cauca Departamentuaren artean egiten ari garen lankidetza-elkartrukeen parte izan da.

Toribioko eskualdean Nasa Yuwea (Nasa hizkuntza) sustatzen ari den lan-taldea, Nasa Yuwea Indartzeko, Toribio Eskualdeko Plan Estrategikoa lantzen dabil azken urtean, eta planaren eraikuntzan, euskaldunok geurean izandako eskarmetua eta erabilitako metodologiak partekatzea izan da geure lanaren helburua.
Toribio eta Cuaca iparraldeko agintaritza indigenetan aldaketak gertatu dira azkenaldian, autoritate politiko eta teknikari berriak izendatuak izan dira eta orain arte Nasa Yuwe hizkuntza berreskuratzeko lanari buruzko kezka agertu, eta euskaldunon lankidetzari buruzko argibideak eskatu dituzte. Lan politikoa gehitu zaio beraz, zakuan generaman lanerako asmoari.

Kwe'sx Yuwe Yat, Gure hizkuntzaren etxeko atarian, 
Belen, Viviana eta Yu'kwerekin. Laukotea plana eskutan hartuta
Toribioko korapiloan
Bizimodua bortitza da Toribion. Zenbait faktoreek egoera korapilatzen dute:
Isolamendua, nabarmena da. Departamenduko hiri nagusietatik oso urrun ez egonda ere, erliebe menditsu batek eskualdea gune zibilizatuetatik banatzen du. Biztanleria, 40.000 pertsona ingurukoa da, gehiengoa bailararen zokoetan eta mendi malkarretan bizi da. Toribio, San Francisco eta Tacueyó herriskak dira eremu urbano bakarrak eta bertan aurkitzen dira Estatuko administraziotako bulegoak, banketxea, osasun zentroak, janari eta lehengai dendak, bertan egiten dira komunitateko asanbladak eta feria nagusiak.
Ekonomian, legezkanpoko landaketek pisu nabarmena dute. Landare hauen ekoizpen eta merkaturatzearen sarearen baitan, ohikoak eta tradiziokoak diren ekoizpenak, desagertzen ari dira, familia-baratzen galera da horren adibidea.
Eskualdea gatazka armatuaren jomuga izan da urtetan. Komunitateak gerrilaren, ejertzitoaren eta paramilitarren bortizkeria eta jazarpena pairatu(tzen) du. Erakunde indigenak, tinko eragin du heuren lurraldearen desmilitarizazioaren alde, baina halere, gatazkak gogor astindu du Toribio. Gatazkaren gordintasunaren eta Nasen tinkotasunaren kapitulo sonatuak gertatu dira eskualdean: 2011an Gerrilak Toribion, Merkatu egunean lehertarazi zuen bus-bonba eta 2012an Indigenek Ejerzitoren aurka, Cerro Berlin mendian burutu zuten erresistentzia ekintza, horietako bi.

Erliebe menditsua, Toribioko paisaiaren ezaugarri
Hizkuntza egoera larrian
Nasa Yuwea eskualdeko populazioaren %22ak hitzegiten du. Trasmisioaren galera nabarmena da. Hezkuntzak, hizkuntzaren galeran pisu nabarmena izan du. PEBI (Programa de Educación Bilingüe Intercultural) izenez ezagutzen den hezkuntza eredua, Kolonbiako hezkuntza-sistema komunitate indigenen errealitatera moldatzeko saiakera izan da, bertan kultura eta hizkuntza indigenak kontutan hartu izan dira, baina denborak aurrera egin ahala eredu honek porrot egin duela ikusi da. Orohar, PEBI sistemako eskoletan Nasa Yuwearen tratamendua euskal A eredu batekin parekatu genezake, asko jota!.

Atpu'csawe'sxen irmotasuna
Hizkuntzaren galerari aurre eginteko asmoz, autoritate indigenek esnatze prozesua abiatu zuten 2011ean. Horretarako hizkuntzari eusteko ardura zuten lan-taldea sortu zuten. Atpu'csawe'sx-ak, hau da, tokian-tokiko hizkuntza eragileen taldea sortu zuten.
Atpu'csawe'sxak 2011tik, eskola elebidunetan eragiten ari dira, material propioaren sorkuntzan ari dira eta lurraldean zehar etxez-etxe, txabolaz-txabola, familiaz-familia, sentsibilizazio lanean diardute. Eragileek, hizkuntzak lurraldean duen indarrari buruzko zuzeneko ezagutza lortu dute, eta 2011tik haiekin elkarlanean aritzeko zortea izan dugunok (ikus blog honetan bertan 2011an egindako ekintzen albisteak), eta baita lehen aldiz heurekin egoten direnek ere, pertsona hauek pilatu duten energia eta lanerako erakusten duten  gogoarekin txundituta gelditzen gara.

Atpu'csawe'sxak (hizkuntza eragileak) plan estrategikoaren puzlea osatzen
Espiritualtasuna oinarri hartuta
Thë’ walak dira Nasa herriaren eta heuren kosmobisioaren oinarrian dauden amalurraren eta Ksxa’wen(espirituen) arteko zubia egiten duten komunitateko pertsonak (xamanak). Thë’ walaek espirituek bidaltzen dituzten seinaleak jaso eta interpretatzen dituzte, eta horrela Nasa herriak eta herritarrak, amalurrarekin harmonian bilatzeko eman beharreko pausuak azaleratzen dituzte. Harmoniaren bilaketak, komunitateko bizitzaren alor guztietan eragiten du.

Hizkuntza biziberritze prozesuan ere, Thë’ walak elementu zentrala dira, haiek gainbegiratzen dituzte prozesuan emandako pausuak eta hartutako norabideak. Haiek identifikatzen dituzte bidean dauden arazoak eta arazoei aurre egiteko moduak.

Atpu'csawe'sxen taldeak lan tekniko eta komunitateetan egindako hizkuntza dinamizazio lanarekin uztartuta, lan espiritual handia egiten du. Erritualen bitartez, The Walaen orientazioa eta Ksxa’wen babesa bilatzen dute. Neurri handi batean lan espiritual honek prozesuko gainontzeko lanen erritmoa baldintzatzen du. Abiadura kontu hau izan da, neurri batean, zenbait autoritate politiko indigena eta hizkuntza-eragileen taldearekin sortu diren tentsioen iturria.

Gure bidaian, aipaturiko tentsioak egiaztatzeaz gain, thë’ walak hizkuntza biziberritze prozesuan duten rola frogatuzeko aukera izan dugu:
Batetik, thë’ walak gidaturiko garbiketa erritual batean partehartu dugu, erreka txoko sakratu batean, urjauzi, ipurtargi, tabako eta koka orrien laguntzaz, thë’ walak politikari eta hizkuntza-eragileen arteko gatazkaren momentuko diagnostikoa egin zuen eta aurrera begira eman beharreko pausuak zehaztu zituen. Bere esanetan, zailtasunak eta trabak handiak izanda ere, prozesuak daraman bideak espirituen babesa du eta orain arteko ibilbideari eutsiz, aurrera jarraitu beharra dago.

Tula, harri sakratuak eta sua, etxearen erdigunean
Bestalde, erritualaren ondotik, egun pare bat beranduago, autoritate politiko, teknikari eta hizkuntza eragileen artean prozesuaren norabideaz aritzeko bilera ospatu da, bertan hainbat Thë’ Walaek hartu dute hitza eta autoritate politikoen aurrean, publikoki, bere posizioa, prozesua dabilen norabidearen alde finkatu dute.

Orokorrean, Nasa herriarentzat lider espiritualen iritziak pisu handia du. Hizkuntza-eragileentzat presio politikoen erdian funtsezkoa izan da haien babesa sentitzea.

--------------------------------------------------------------------------------------------------------

Gure bisita laburrean, bertako komunitateek nola funtzionatzen duten ulertzea ezina da. Sumatu eta susmatu dugun egoera gordinaren aurrean, zaila egiten zaigu Toribioko komunitateak eguneroko bizimoduari norabidea nola eman dakioken pentsatzea, nola den posible korapilo(ar)en erdian hizkuntzaren biziberritzean modu hain indartsuan aritzea. Baina, kuriosoki hortxe topatu ditugu egoera irakurtzen lagundu diguten pistak.

Nonbait, hizkuntzaren alde borrokan aritzeak, lagun hauei, heuren identitate eta kulturaren oinarriekin bat egiteko aukera, espiritualtasunarekin, amalurrarekin, harmonian egoteko aukera eskaintzen die.
Nonbait, egunerokoan aurkitzen duten bortizkeriaren aurrean, hizkuntzatik eragiteak, lagun hauen Bizitzari zentzu bat emanten dio, eta hortik sortzen zaie aurrera jarraitzeko indarra,  horrelako zerbait sentitu dugu.



Cerro Berlineko ekintzari buruzko bideoa 

2015(e)ko ekainaren 30(a), asteartea


ERRAMU FESTA OLALDEn

Adatação e revitaliazação do ritual basco da proteção da casa


Pasa den ekainaren 20ean, Olalde auzo berriko 30bat bizilagun bazkari baten inguruan bildu ginen.
Giro ona lagun, bizilagun bakoitzak etxetik ekarritako janari eta edariak konpartitu genituen. Olalde 100 etxebizitzatik etxalde berria da, Altzibar auzoan kokatua. Duela urtebete inguru hasi ginen bertan bizitzen eta bazkaria herri-inaugurazio modura antolatu genuen, auzolanean.

Bazkariaren helburua argia izan zen, elkarezagutu eta gure arteko harremanak sendotzea, azken batean BIZI-LAGUN izateko bidea jartzea.

Gure gizarte eredu postmodernoak bultzatzen duen indibidualismo eta homogeneizazio korronteari aurre egin eta auzo eta komuitate ideiak praktikan jarri genituen.

Bazkariaren inguruan Euskal Herrian, etxeak babestu-bedeinkatzeko erabili izan den erritual zaharra moldatu genuen: ERRAMUA deiturikoa, (Montxorra, Teilatu besta, Trapada izenez ere ezaguna). Erramuaren erritoan, etxe berri bat babesteko, erramu adar bat jartzen da, eraikinari teilatua ematen den unean. Adar hori ez da teilatutik kentzen, konstruktore edo etxearen jabeak langileei bazkari bat eskaini arte.

Guk, haurrei aitzurra emanda, erramu landare bat landatu genuen Olalde atzeko zelaian eta bazkari goxoan zehar, auzo-ekintza gehiago egiteko ideiak sortzen joan ziren.


Erlijio katolikotik urrundu eta kapitalismo globalak dena estaltzen duen aldi hontan. Gizarte eta komunitate guztiek kohesiorako eta harmonizaziorako sortu dituzten erriroen umezurtz gelditzen ari gara.

Euskal kulturaren oinarrian berreskuratu eta moldatzen saia gaitezken ohitaurak ditugu, ekimen zahar-berritzaileak agertzen ari dira aleka-aleka (auzolana, Atsolorra e.a.).

geure identitate kultural eta komunitarioa babesteko herraminta erabilgarriak izan daitezke?


Atsolorrari buruzko artikulua:
www.euskonews.com/0642zbk/gaia64204es.html