2018(e)ko urtarrilaren 4(a), osteguna

LANDAREEN KULTURA: ERRAMUA eta TEILATU FESTAK


erramurik gabia duk itxi au
Oiartzunen jasotako pasarte honekin aipatu zuen Barandiaran handiak ERRAMUA ohituraren zati bat (Mitologia Vasca, 1983).
Erramurik gabia duk itxi au, esaten omen zen etxeren bati desgraziren bat gertatu ezkero. Erramu baten adarra etxearen eraikuntzaren ondoren teilatuan jarri beharra omen zegoen.

Teilatuan zuhaitz baten adarra jartzeko ohitura, aspaldikoa izanagatik, bizi-berritua ikusten dugu egungo eraikuntza askotan. XXI. mendearen hasieran festak badu irauteko pisuzko arrazoirik. Egun erramua teilatuan jartzean, langileek abisua pasatzen diete jabe eta nagusiei, teilatua emana dago, afaria zor diguzue. Pentsa dezakegu tripa kontuek salbatu dutela teilatu festen tradizioa. Argazkian ikusi dezakegunez gure hiriguneetan egiten diren etxe berriek ere ez diote ohiturari izkin egiten.


Erramua Oiartzunen. 2011ko urtarrila.

izenak eta izanak
Bazkari edo afariari Oiartzunen Erramua deitzen zaio, ziurraski erramu zuhaitzaren adarra jartzen delako teilatuan; beharrezkoa da zuhaitz honen izenaren inguruan aipamena egitea.
Erramuari Laurus nobilis deitzen zaioa hizkuntza zientifikoan. Euskaraz badu beste izen bat EREINOTZA. Bizkaia aldean oraindik erabiltzen da, eta gurean toponimian oso gertukoa izanagatik (Ereñotzu), kaleko hizkuntzan ez da ia ezagutzen.
Badirudi Erramua izen berriagoak Ereinotza baztertu duela eta hau elizako erramu-igande (domingo de ramos) ospakizunaren ondorioa dela.
Elizan erramu-igandean bedeinkatzen den erramilete, lore-sorta, edo buketaren osagai nagusia Ereinotz adarrak dira. ERRAMUA gaztelaniazko RAMO izenaren itzulpena litzateke, eta hor nonbait Ereinotzari izena aldatzearena.
Teilatu festetara itzuliz, usadioaren garrantzia eta hedapenaren neurria emanten digu ohitura honen parekoak diren zenbat kasu aipatzen diren Euskal Herriko toki desberdinetan eta zenbat izen desberdinekin deitzen zaion erramua ohiturari. Azkuek (Euskaleŕiaren Yakintza I, 1935), jaso zituen hauetako batzuk: bizkar-besta (Araba eta Nafarroa), buketabesta (Nafarroa beherea), mondxor eta bonxoŕada (Bizkaia), trapala (Gipuzkoa).

oinarri espiritual erlijiosoak
Halere afari-bazkari kontuez gain, ohituraren sustrai erlijiosoak urbil somatzen dira. Euskaldunok denboran zehar zenbait landare erabili izan dugu etxeak eta baratzak babesteko. Eguzki lorea, elorri txuria, lizarra eta erramua dira horietako landare magiko batzuk.
Horrez gain, garai bateko ETXEAk, gaur galdurik dituen balio erlijiosoak zituen. Etxea lo egiteko tokia baina askoz gehiago zen. Besteak beste, bertan lurperatzen ziren familian hildako pertsonak eta horren erakusle da orain gutxiarte bataiatu gabeko aurrak etxearen babespean, baratzean edo teilatuaren hertzaren azpian lurpertzeko egon den ohitura (Barandiaran, 1983).
Etxea tenplu sakratutzat hartu genezake eta horrela izanik erritual kultural-espiritualen jatorri eta kokaleku. Eta beraz, etxea egitea, eraikin fisiko bat altxatzea baino hartarago zioan. Eraikuntzan kontutan izan beharko ziren etxe horrek bete beharko zituen tenplu funtzioak eta horretarako izango ziren bedeinkazio eta erritualak. Hortxe kokatuko genuke Erramuaren ohitura.

etxetik-auzora eta auzotik-festara
Erramuaren bigarren zatia, gaur egun nabarmenena dena, bazkari-afariaren jatorria bilatzeko ere euskal herriko baserri munduan eta ekonomian kokatuko gara. Bizimodu horren sustraiak kristautasunaren aurreko euskaldetan (gentilak) bilatuko ditugu. Garai haietan etxe baten eraikuntzan indarrak batu beharko ziren, norberarenak eta familiakoak, komunitatekoak eta ingurukoak, hau da, auzokoak.
AUZOLANA, aski ezaguna dugun bigarren ohiturarekin topo egiten dugu.
Euskal Herrian barna egiten dira oraindik auzolanak, batipat baserri giroan: gari bilketan, arto-jorraketan, bide-garbiketan edo egur bilketan ezagunak da ere obra handiagotan ere da auzolana erabili izan zela (Berako eta Ereñotzuko elizak eraikitzeko adibidez). Historian zehar etxeak egiteko auzolana izango zen modu eraginkorrenetakoa, gurean auzolanak nola bukatzen diren ezagututa, pentsatzekoa da auzolanean egindako etxe baten eraikuntza nola bukatuko zen: festa-bazkari batekin.



kasualitateak eta seinaleak: ez gara bakarrak - ez gaude bakarrik
Teilatu festei buruzko aurreneko pista ez genuen ez Oiartzunen ez eta Euskal Herrian ere jaso. 1998ko abuztua zen, Aitor ta biok Andeetako mendizerran erdi-galduta genbiltzala, Marcapata eskualdean hartu genuen hostatu. Eta bertan Teilatu festa batekin egin genuen topo.
Bailara guztiak parte-hartzen du elizaren teilatuaren berritze lanetan. Astoz tiratako gurdietan lasto fardoak dakartzate aldea txikietako familiek, herrian musika da nagusi eta txitxa edaria. Herritarrak denak zereginean: batzuk janaria prestatzen, besteak txaranga jotzen eta gizon gazte taldetxoak, turnotan antolatuta, elizako teilatu hauskorraren lasto zaharkitua kendu eta mendiko zelaietan bildutako fardoak jartzen. 


Teilatu festa Andeetan. 1998. urtea.
loturak eta hariak: segi tiraka
Erramua eta teilatu festak gure landareek bere baitan duten ondare kulturalaren adibidea ditugu, aintzinako bi ohituren ondarrak: alde batetik etxea-tenplua babesteko landare sakratu bat erabiliaz egiten den erritual erlijiosoa eta bestetik auzolanaren ondoren komunitatea sendotu eta batzeko egiten den festa-bazkaria.
Auzolan ohitura, erramuaren ohiturarekin batera euskal identitate kulturalaren sustraietan kokatuko litzateke.

Biodibertsitatean, edo nahi bada naturaren kontserbazioaren eremuan, KULTURA oinarrizko elementua dela defendatzen duen iritzia indarratzen ari da. Munduko komunitate indigenek naturarekin harreman hestua duten kulturak dituzte eta jasangarritasunaren adibideak ematen dizkigute. Bestaldean XXI.mendeko mundu post-kapitalista dugu, jasangarritasunaren anti-eredua. Gure gizartea jasangarritasunaren bidera urbiltzeko aldaketa sakonak behar dira, kultura aldaketak. Horren aurrean ez ditzagun gure aspaldiko kontuak historio harrigarri modura bakarrik ulertu, XXI. mendean eta europaren erdian, nolabait euskaldunen jatorri indigena plazaratzen digute, naturarekin bategiteko moduak, kultura...

...Alzateko Jaun, hor zaude nunbait...



Oharra: Idatzi hau Oiartzun 2011, urtekarian argitaratu zen.