2013(e)ko abuztuaren 9(a), ostirala

Abuztuan ere elkarlanean


Trukeari ez du etenik. Oraingoan Euskal Herritik, Rosa, Rosa, Arantza eta Andonik bidaiatu dute Caucara.  

Andoni Ankosotorroren kronika


Nasen eta euskaldunen arteko bigarren lan topaketa gauzatzen ari da abuztuan zehar Kolonbiako Caucan, nasen jatorrizko lurraldean. Topaketak eskola propioaren eraiketaren berri izateko eta esperientziak partekatzeko antolatu dira.
Nasek euren hizkuntzaren egoera larria, nasa yuwe hizkuntzaren eskolaratze prozesua eta munduaren eta bizitzaren ikusmoldea erakutsi dizkigute. Topaketa gweçxaku eginez hasi da, jatorrizko zeremonia harrera egiteko, bateratzeko eta eskerrak emateko. The wala izan da zuzentzailea, txamana alegia. Gweçxakua nasek eraiki duten lehen luçx leçxkwen egin da, murgilketan ari den lehen ikastolan. Aurten hasi dira, adin ezberdineko 15en bat haur txikiekin esperientzia berria izaten.
Euskaldunek euskal eskola nola hasi ginen eraikitzen azaldu diegu eta, bereziki, haur txikiekin eskola orduak nola egiten ditugun. Euskararen ahozko transmisioa nola egiten dugun, zein diren helburuak, jarduerak, baliabideak eta abar. Batez ere teknika praktikoak azaltzen ari gara. Horiez gain, hizkuntzaren sendotzean hizkuntzarekiko atxikimenduaz, kontzientziaz eta jarrera parte hartzailearen garrantziaz ere ari gara.
Lan topaketa hauek, etorkizunean sendotu nahi direnak, uztailean eta abuztuan zehar hasi dira hainbat ekintzaileri esker, eta Çxhab Wala Kiwe, Nasa Üus, Garabide Elkartea eta EPV-EHUko Munduko Hizkuntzaren Ondarearen UNESCO Katedrak antolatu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren eta Durangoko Udalaren laguntzaz.