2017(e)ko azaroaren 5(a), igandea

INDIGENEKIN MENDIAN; Mairubaratzetatik lurrarekiko lotura aztertzen


Nasa, Nahuat, Maya-Yucateko, Katchiquel, Kitxua, Guarani, Maputxe eta Amazigh herri indigenen 12 ordezkariekin, “mendi buelta” egin genuen duela aste pare bat, Arritxulotik abiatu eta Errengan barrena (Oiartzun-Lesaka).
2013 eta 2016 urteetan antzeko koadrilekin egindakoaren haria luzatuz, gure lurraldea kosmobisio indigenaren intuiziotik eta norberaren barne sentsazioetatik abiatuta aurkeztu genuen.


Taldea Arritxulora itzultzen (Argazkia: Txema Abarrategi eta Diego Yatakwe)

Pribilegioa da horrelako ekimenak burutzeko aukera izatea, Euskal Herriaren lurraldea, indigenekin eta lagunartean partekatzea, gure toki sakratuen inguruan bildu eta hausnar egitea.

Garabide elkarteak burutzen dituen hizkuntza biziberritze ikastaroen testuinguruan antolatzen ditugu ekimen hauek eta oso giro berezia sortzen da bertan. Ikastaroaren eguneroko jardun akademiko mamitsuan eta agenda sozial intentsiboan parentesi bat irekitzen da Aiako Harriaren gerizpean eta Amalurrarekiko konexioa lantzen dugu. Nola?

2016.urteko taldea Oielekun
Euskaldunok berezkoa dugun mendirako joeratik abiatu, ibilian arnasa hartu, toki berezietan (sakratuetan) gelditu eta denbora pasatzen utzi, eta horrela eguneroko ziztuak kentzen digun “tenplea” berreskuratzen saiatzen gara.

Orduan bistaratzen dira gure gizarte modernoaren gabeziak, nabartzen dira lagun indigenek naturarekiko dituzten jarrera harmonikoak, hortik elikatzen dugu gure errealitateari beste alde batetik begiratzeko tentazioa.

Zein ote zen gure arbasoek mairubaratzak eraikitzeko zuten motibazioa?, zein ote zen Amalurrarekin zuten harremana? harreman haren printzarik trasmititu al da egungo belaunaldietara? zer egin hari mutur horiekin?

2013.urteko taldea Oielekun, "Mayor" Antonen azalpenak jasotzen