erramurik gabia duk itxi au
Oiartzunen jasotako pasarte honekin aipatu zuen Barandiaran handiak
ERRAMUA ohituraren zati bat (Mitologia Vasca,
1983).
Erramurik gabia duk itxi au, esaten omen zen etxeren bati
desgraziren bat gertatu ezkero. Erramu baten adarra etxearen
eraikuntzaren ondoren teilatuan jarri beharra omen zegoen.
Teilatuan zuhaitz baten adarra jartzeko ohitura, aspaldikoa
izanagatik, bizi-berritua ikusten dugu egungo eraikuntza askotan.
XXI. mendearen hasieran festak badu irauteko pisuzko arrazoirik. Egun
erramua teilatuan jartzean, langileek abisua pasatzen diete jabe eta
nagusiei, teilatua emana dago, afaria zor diguzue. Pentsa
dezakegu tripa kontuek salbatu dutela teilatu festen tradizioa.
Argazkian ikusi dezakegunez gure hiriguneetan egiten diren etxe
berriek ere ez diote ohiturari izkin egiten.
|
Erramua Oiartzunen. 2011ko urtarrila.
|
izenak eta izanak
Bazkari edo afariari Oiartzunen Erramua deitzen zaio, ziurraski
erramu zuhaitzaren adarra jartzen delako teilatuan; beharrezkoa da
zuhaitz honen izenaren inguruan aipamena egitea.
Erramuari Laurus nobilis deitzen zaioa hizkuntza zientifikoan.
Euskaraz badu beste izen bat EREINOTZA. Bizkaia aldean oraindik
erabiltzen da, eta gurean toponimian oso gertukoa izanagatik
(Ereñotzu), kaleko hizkuntzan ez da ia ezagutzen.
Badirudi Erramua izen berriagoak Ereinotza baztertu duela eta hau
elizako erramu-igande (domingo de ramos) ospakizunaren
ondorioa dela.
Elizan erramu-igandean bedeinkatzen den erramilete, lore-sorta, edo
buketaren osagai nagusia Ereinotz adarrak dira. ERRAMUA gaztelaniazko
RAMO izenaren itzulpena litzateke, eta hor nonbait Ereinotzari
izena aldatzearena.
Teilatu festetara itzuliz, usadioaren garrantzia eta hedapenaren
neurria emanten digu ohitura honen parekoak diren zenbat kasu
aipatzen diren Euskal Herriko toki desberdinetan eta zenbat izen
desberdinekin deitzen zaion erramua ohiturari. Azkuek (Euskaleŕiaren
Yakintza I, 1935), jaso zituen hauetako batzuk: bizkar-besta
(Araba eta Nafarroa), buketabesta (Nafarroa beherea), mondxor
eta bonxoŕada (Bizkaia), trapala (Gipuzkoa).
oinarri espiritual erlijiosoak
Halere afari-bazkari kontuez gain, ohituraren sustrai erlijiosoak
urbil somatzen dira. Euskaldunok denboran zehar zenbait landare
erabili izan dugu etxeak eta baratzak babesteko. Eguzki lorea, elorri
txuria, lizarra eta erramua dira horietako landare magiko batzuk.
Horrez gain, garai bateko ETXEAk, gaur galdurik dituen balio
erlijiosoak zituen. Etxea lo egiteko tokia baina askoz gehiago zen.
Besteak beste, bertan lurperatzen ziren familian hildako pertsonak
eta horren erakusle da orain gutxiarte bataiatu gabeko aurrak
etxearen babespean, baratzean edo teilatuaren hertzaren azpian
lurpertzeko egon den ohitura (Barandiaran, 1983).
Etxea tenplu sakratutzat hartu genezake eta horrela izanik erritual
kultural-espiritualen jatorri eta kokaleku. Eta beraz, etxea egitea,
eraikin fisiko bat altxatzea baino hartarago zioan. Eraikuntzan
kontutan izan beharko ziren etxe horrek bete beharko zituen tenplu
funtzioak eta horretarako izango ziren bedeinkazio eta erritualak.
Hortxe kokatuko genuke Erramuaren ohitura.
etxetik-auzora eta auzotik-festara
Erramuaren bigarren zatia, gaur egun nabarmenena dena,
bazkari-afariaren jatorria bilatzeko ere euskal herriko baserri
munduan eta ekonomian kokatuko gara. Bizimodu horren sustraiak
kristautasunaren aurreko euskaldetan (gentilak) bilatuko ditugu.
Garai haietan etxe baten eraikuntzan indarrak batu beharko ziren,
norberarenak eta familiakoak, komunitatekoak eta ingurukoak, hau da,
auzokoak.
AUZOLANA, aski ezaguna dugun bigarren ohiturarekin topo egiten dugu.
Euskal Herrian barna egiten dira oraindik auzolanak, batipat baserri
giroan: gari bilketan, arto-jorraketan, bide-garbiketan edo egur
bilketan ezagunak da ere obra handiagotan ere da auzolana erabili
izan zela (Berako eta Ereñotzuko elizak eraikitzeko adibidez).
Historian zehar etxeak egiteko auzolana izango zen modu
eraginkorrenetakoa, gurean auzolanak nola bukatzen diren ezagututa,
pentsatzekoa da auzolanean egindako etxe baten eraikuntza nola
bukatuko zen: festa-bazkari batekin.
kasualitateak eta seinaleak: ez gara bakarrak - ez gaude
bakarrik
Teilatu festei buruzko aurreneko pista ez genuen ez Oiartzunen ez eta
Euskal Herrian ere jaso. 1998ko abuztua zen, Aitor ta biok Andeetako
mendizerran erdi-galduta genbiltzala, Marcapata eskualdean hartu
genuen hostatu. Eta bertan Teilatu festa batekin egin genuen topo.
Bailara guztiak parte-hartzen du elizaren teilatuaren berritze
lanetan. Astoz tiratako gurdietan lasto fardoak dakartzate aldea
txikietako familiek, herrian musika da nagusi eta txitxa edaria.
Herritarrak denak zereginean: batzuk janaria prestatzen, besteak
txaranga jotzen eta gizon gazte taldetxoak, turnotan antolatuta,
elizako teilatu hauskorraren lasto zaharkitua kendu eta mendiko
zelaietan bildutako fardoak jartzen.
|
Teilatu festa Andeetan. 1998. urtea.
|
loturak eta hariak: segi tiraka
Erramua eta teilatu festak gure landareek bere baitan duten ondare
kulturalaren adibidea ditugu, aintzinako bi ohituren ondarrak: alde
batetik etxea-tenplua babesteko landare sakratu bat erabiliaz egiten
den erritual erlijiosoa eta bestetik auzolanaren ondoren komunitatea
sendotu eta batzeko egiten den festa-bazkaria.
Auzolan ohitura, erramuaren ohiturarekin batera euskal identitate
kulturalaren sustraietan kokatuko litzateke.
Biodibertsitatean, edo nahi bada naturaren kontserbazioaren eremuan,
KULTURA oinarrizko elementua dela defendatzen duen iritzia
indarratzen ari da. Munduko komunitate indigenek naturarekin
harreman hestua duten kulturak dituzte eta jasangarritasunaren
adibideak ematen dizkigute. Bestaldean XXI.mendeko mundu
post-kapitalista dugu, jasangarritasunaren anti-eredua. Gure gizartea
jasangarritasunaren bidera urbiltzeko aldaketa sakonak behar dira,
kultura aldaketak. Horren aurrean ez ditzagun gure aspaldiko kontuak
historio harrigarri modura bakarrik ulertu, XXI. mendean eta
europaren erdian, nolabait euskaldunen jatorri indigena plazaratzen
digute, naturarekin bategiteko moduak, kultura...
...Alzateko Jaun, hor zaude nunbait...
Oharra: Idatzi hau Oiartzun 2011, urtekarian argitaratu zen.